Izarrako frontoia, 70eko hamarkada bukaeran diseinatu zena, kokagune estrategikoa da herritarrentzat, baina berrikuntza sakon baten beharrean dago. Hala, parte-hartze prozesu baten bitartez, horren erabiltzaileek, langileek, herritarrek, elkarteek eta herriko umeek eraikinari duen balioa eman eta ondorioztatu dute erabaki onena dela berau eraitsi eta berri bat eraikitzea. Era beran, prozesuan definitu dira ekipamendu honek inguruko eraikin eta ingurunearekin duen lotura, eta ekipamenduan zerbitzu berriak gehitzeko beharra.

Parte-hartze prozesua, Izarra frontoira! izenekoa Hiritik At enpresak gidatu du, eta hainbat fase izan ditu: lehenik behin, taldekako saioak egin dituzte eragile desberdinekin, beste saio ireki batzuk herritarrekin, inkesta digitalak ere egin dituzte, eta talde bultzatzailearekin bilerak.

Horren ostean, definitutako bi proposamenak aztertu dira: biek ala biek gaur egungo eraikina eraitsi eta berria egitekoak ziren, baina lehenak frontoiaren paretei eutsiko lioke eta bigarrenak ez. Azkenean bigarren aukeraren alde egin da, bolumen handiagoko espazioak ere jasotzeko.

Eraikin berriak bi sarrera izango ditu -plazatik eta Udaletxetik-, gimnasio handi bat, plazarekin lotura zainduko da, berdeguneak zainduko dira, karga eta deskargarako gunea jarriko da, irisgarritasuna hobetuko da; eta, azkenik, inguruko espazio publikoa zainduko da eta fatxada zehargarriak jarriko dira. Gainera, Udaletxeruntz estalki bat jartzeko aukera aztertuko da.

Lan guztiaren aurrekontua honakoa da: eraikina eraistea 115.000 euro; eraikin berria egitea 24 milioi euro; eta urbanizazioa 36.000 euro. Guztira, 2.875.000 euro.