Urkabustaiz udalerria dugu Gorbeialdeko Kuadrillako udalerri guztietatik mendebalderen dagoena. Honek 60 Km2 pasatxo ditu, eta Gorbeiako mendigunearen eta Urduñako haitzen artean dago kokaturik. Inguru menditsua denez, eta Bizkaiko golkoko eguraldiaren eraginez, landaretza handikoa eta hostotsua da bazter hau. Bertan pagadiak eta hariztiak dira nagusi. Ikusgarrienak Ostuñoko hariztiak (La Calzada Mendia), Godamokoak eta Abornikanokoak dira; eta baita Altubeko haraneko pagadiak, Gibillo mendilerrokoak, Abeziakoak eta Estuñaganekoak ere.

Baina, zalantza barik, tokirik ezagunenak ibaien indarrez higatutako bazterrak dira. Ibaiek erreliebedun forma ikusgarriak sortu dituzte eta gaur egun Gorbeialdeko Kuadrillako leku ikusgarri, eder eta bisitatuenak dira. Aipagarrienak Goiuri-Ondonako urjauzia edo Jaundia/Altube ibaiaren jaiotza eta Ebanako jauzia edo Ibaizabal ibaiaren sorlekua dira.

Gibillo mendilerrotik haran osoa (Izarrako eta Altubeko haraneko inguru diapirikoa) ikus daiteke, zenbait tokitatik ikuspegi zoragarriak goza daitezkeelarik, besteak beste, Estuñagan/Alto de Corral (841 m.); Abezia/Alto de Ganbaza (836 m.) eta Alto de San Martin (724 m.).

Bertako ekonomiak ere inguruaren ezaugarri fisikoetara egokitu beharra izan du, abere hazkuntza eta baso ustiakuntza izan direlarik betidanik bertako jarduera nagusiak, udalerriarentzat garrantzi handikoak izan direlarik biak. Urkabustaizko ingurua, eskualde honetako gainerako tokiak bezala, inguru honetako lur ustiakuntza mota eta erabileraren adierazgarri ezinhobea dugu: baserri-ingurua, bertan baserri gune txikiak, larreak, basoak eta abar nahasturik agertzen direlarik…

Gaztagintza, gatzatugintza, gozogintza, haragi eta abarrei esker nekazaritzako elikagaien sektore garrantzitsua izatea lortu da, bai eskala industrialean (Izarrako gaztandegia), bai eskala familiarrean (elaborazioa eta komertzializazioa Goiuri-Ondona eta Inosoko baserrietan).

Eremu industriala Izarran diren bi industrialdek osatzen dute: Landaberde da bata, bertan zenbait sektoretako enpresa garrantzitsuak dira, eta Martasolo da bestea, 41.000 m2 tik gora dituena, bertan enpresa berriak ezartzeko.

Zerbitzuak Izarran bertan daude. Bertan daude, besteak beste, taberna-jatetxe bat, hotel-jatetxe bat, mota askotako dendak, frontoidun kiroldegi bat, gimnasioa, sauna, bolatokia, taberna-jatetxea eta zentro soziala, eta jolas-esparru igerilekuduna, futbol zelaia, tenis zelaia, mahaiak eta barbakoak, taberna-jatetxea eta paseatzeko ibilbideak.