Arabako Bajerro eta Gibijo mendilerroetako abeltzainek elkarretaratzea egin zuten joan den larunbatean Arabako Foru Aldundiaren aurrean, lurraldeko otso “bakarra” ehizatzeko uxaldi-baimena bertan behera utzi eta gero. Prentsa agerraldi batean euren eskariak azaldu zituzten eta uxaldi-baimena abiarazteko txosten juridiko baten aurkezpena iragarri zuten.

Foru erakundeak, aipatutako ale hori ehizatzeko baimena eman zuen; 2019an Arkamo, Gibijo eta Urkabustaiz mendilerroetan aziendek jasandako eraso eta heriotzen gorakadaren ondorioz. Berez, 153 animalia hil, 78 zauritu eta 67 desagertu ziren ardi-, ahuntz-, behi- eta zaldi-azienden artean. Baina uxaldiak bertan behera geratu ziren, Eusko Jaurlaritzak espezie hori Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartuko zuela iragarri ondoren.

Urkabustaizko Udalak neurriak hartzeko eskatu dio Aldundiari

Abeltzainek bizi duten egoera kezkagarria dela eta, Urkabustaizko Udalak idazkia bidali dio Aldundiari. Idazkiak “Abeltzainekin adostuta hartuko diren berehalako neurriak lehen eskutik ezagutzea” eskatzen du, halaber, neurriok “Urkabustaizen lehen sektorea segurtasunez lan egitea ahalbidetzea”.

Idazkian azaltzen denez, korporazioak ezinbestekotzat jotzen du “Arabako Foru Aldundiaren jarrera argia; sektoreak eta artzaintzaren erabilera estentsiboak duten garrantzia azpimarratuz; izan ere, lurraldearen-orekaren oinarri eta funtsezko jarduera ekonomikoaren zutabe baitira. Ahaztu barik, ekosistemaren kontserbazioa ahalbidetzen dutela.”

2019ko urrian, Udalak beste idazki bat bidali zion Arabako Foru Aldundiari, otsoen etengabeko erasoen aurrean neurriak hartzeko eskatuz.