Martxoaren 18ko arratsaldean iritsiko da KORRIKAren 23. edizioa Urkabustaizera, furgoneta, lekuko eta guzti. Horren aurretik, hainbat ekitaldi antolatu ditu Urkabustaizko Korrika Batzordeak, Korrika Kulturalaren egitaraua osatzeko. Lehenengoa, otsailaren 25ean, igandea, 18:00etan kultur etxean: BIZKARSORO filmaren emanaldia, eta bertako arte zuzendari Izaskun Urkijorekin solasaldia.

Gasteizko GEU elkarteak kudeatzen duen ZINEZ programaren barruan dator filma.

Filmaren sinopsia:

Josu Martinezek zuzendutako fikziozko luzemetraia da Bizkarsoro. Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro.

Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna.