60 panel fotovoltaiko jarriko dira Landaberdeko udal biltegiaren estalkian, hamar udal-eraikin energiaz hornitzeko. Proiektu hau Udalak energia berriztagarriak sustatzeko duen estrategiaren barruan kokatzen da; izan ere, udal erakundearen ustez, iturri berriztagarriak tresna egokiak dira klima-aldaketaren erronkei erantzuteko.

Aldez aurretik, Udalak sare elektrikoaren konexioa erraztu zuen, eta Landaberdekoindustrialdeko udal biltegiari krokadura eta hartune elektrikoa eman zizkion. Izan ere, instalazio elektriko propioa jarri da biltegian.

60 panel Landaberden
Hurrengo hilabeteetan, 455wp-ko 60 panel fotovoltaiko jarriko dira estalkian, 27 "3 Kwp inguruko potentzia nominalarekin. Udal-biltegia aukeratu zen, instalazioaren banaketa koefizienteak ahalik eta modu
eraginkorrenean kalkulatu ondoren; izan ere, energia sortzeko puntutik (udal-biltegia) aurreikusitako udal zerbitzu publiko guztiak hornitu daitezke.

10 udal-eraikin hornituko dituzte
Autokontsumo partekatuko proiektu honetan sartuko diren udal eraikin eta azpiegituretako eta erabilera publikoko eraikinetako energia elektrikoaren hornidura puntuak honako hauek izango dira: Herri Eskola kiroldegia, erretiratuen gune soziala, Ikastola 1, Ikastola 2, eskolaurrea, kontsultategia, kultur etxea, igerilekuak, frontoia eta frontoi taberna.

Erein programaren dirulaguntza
Plaka fotovoltaikoak instalatzeko eta energia banatzeko kostu osoa 50.960 eurokoa da. Udalak 22.000 euroko dirulaguntza jaso du, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren 2023ko ekitaldiko Erein programatik. Programa horrek Euskal Autonomia Erkidegoko landa eremuak sustatu eta garatzeko laguntzak jasotzen ditu. Obra guztiak 2024ko abendurako amaituta egotea aurreikusi da.

Aurrezpen ekonomikoa eta emisioen murrizketa
Era berean, Udalak jakitera eman du instalazio horrek 5.757 euroko aurrezpen ekonomikoa ekarriko diela urtean udal kutxei, hau da, %50eko aurrezpena. Eta emisioei dagokienez, 9.336 kg Co2 saihestuko direla kalkulatzen da.