Urkabustaizko Udalak martxan jarri du Izarrako frontoiko instalazioak berritzeko prozesu luze eta zaila. Eraikin honek, bere antzinatasunaren ondorioz, hutsune ugari ditu, bai arkitekturaren ikuspegitik, eta baita instalazioen egoeraren, irisgarritasunaren, espazioen eskuragarritasunaren, klimatizazioaren, energia-efizientziaren… ikuspegitik ere. Horrek guztiak eraikina eraberritzeko edo guztiz berritzeko beharra dakar.

Udalak egin duen lehenengo urratsa honakoa da: Urkabustaizko kolektibo sozialen, udalbatzaren, herritarren… iritzia jasotzeko parte-hartgze prozesu bat martxan jartzea. Urkabustaizko herritar guztiei irekitako prozesu bat izango da.

Helburua da ahots eta desio guztiak entzutea, frontoi berriaren diseinua erabiltzaileen beharren, eraikinean martxan dauden zerbitzuen eta Urkabustaizko herritar guztien nahiaren araberakoa izan dadin.

Prozesua Hiritik Ata kooperatibak gidatuko du, eta hainbat fase izango ditu: diagnostikoa, proposamena eta itzulketa. Fase horiek gauzatzeko, hainbat bilera antolatuko ditugu, parte hartu nahi duten herritar guztien iritziak jaso eta eztabaidatu ahal izateko.

Saioak irailean hastea aurreikusten da, eta prozesua urtearen amaieran bukatuko litzateke. Parte-hartze publikoko saioen datak Udalaren webgunean eta sare sozialetan argitaratuko dira.

Anima zaitez, eta parte hartu. Zure iritzia nahi dugu.