Gorbeialdeko mintzalagun eta gurasolagun taldeek hitzordua dute ekainaren 18an, Izarran; han egingo baita Gorbeialdeko Mintza Eguna.  Egun osoko egitaraua izango du, euskara ardatz. Probatu ez duenak, ez  daki zer den hau!

Mugimendu handiko ikasturtea izan du Gorbeialdeko Mintzalagunen proiektuak. Batetik, lehenengo aldia izan da gurasolagun taldeak modu jarraituan biltzen hasi direna, hilabetean behingo udalerriz udalerriko mendi-irteeren bidez. Zigoitian, San Bittorrera; Urkabustaizen, Beluntzako ur-jauzietara; Zuian, Jugatxira; Aramaion, Santikurtzera… eta maiatzaren 22an Legution Zabalainera egindako ibilaldiak dira horren lekuko. Familian euskaraz goizpasa eder bat egiteko aukera izan du hala nahi izan duen guztiak.

Bestetik, pandemiaren ondoren ohiko mintzalagun taldeak berriro martxan jartzeko garaia ere izan da: talde “historikoak” berreskuratzekoa, eta talde berriak (normalean, gazteenak) sortzekoa.

Lan handia eskatu du horrek guztiak; eta egindakoa ezin da itxi ganorazko festarik gabe. Horixe izango da ekainaren 18koa: Gorbeialdeko mintzalagun eta gurasolagunak elkartzeko festa-eguna (eta, noski, euskaraz aritzeko gogoa duen beste edonork ere har dezake parte bertan, egitasmoan parte hartu ez arren). Badator Gorbeialdeko Mintza Eguna!

Goizeko 10:30ean izango da lehenengo hitzordua, plazan. Ondoren, bi plan egongo dira aukeran: gurasolagunek aukeratuta, familia osoarentzako jolasak, plazan bertan; eta, bestela, Goiuriko ur-jauzirako ibilaldia, Izarratik bertatik abiatuta. Eguerdi aldera, 12:30ean, Urkabustaizko Triskari dantza taldeak eta beste lau talde gonbidatuk (Dulantziko Haize taldeak, eta Gasteizko Arantzabela eta Orbela taldeek) erakustaldia eskainiko dute, plazan. Eta, bukatutakoan, mintzapoteorako aukera egongo da.

15:00etan, berriz, herri-bazkarian elkartuko dira parte-hartzaile guztiak. Bertan izena emateko, ondorengo formularioa bete beharra dago, ekainaren 13a baino lehen:

Eta, bazkalostean, Joxe Mendizabalekin kantu eta dantza saioa egiteko aukera egongo da. Bukatzeko, Triskari dantza-taldearekin eta talde gonbidatuekin, dantza-plazan parte hartzeko aukera egongo da. Plan borobila, beraz!