Igande honetan, irailak 25, Urkabustaizko Azoka Txikia ospatuko da.

Azoka honen helburua da udalerriko ekoizle eta artisauak sustatzea, eta herritarrak kontzientziatzea bertakoari balioa eman eta bultzatu dezaten.

Ekintzak ostiralean, irailak 23, hasiko dira kultura etxean 19:00etan egingo den antzerki forum-arekin. Yokerendan taldeak ‘Ura dakarrena, urak darama’ antzezlana eskainiko du. Gaztelaniaz izango da eta helduei zuzenduta dago. Helburua da krisi klimatiko eta giza eskubideen inguruan kontzientziatzea.

Igandea, aldiz, egun handia izango da; eta azoka 11:30etik 14:30era ospatuko da plazan; bertako ekoizle eta artisauek postuak jarriko dituzte.

Gainera, bestelako ekintzak izango dira:

-‘Funky Brass’ Molto Vivace Brass Band taldeak musikaz girotuko ditu inguruak, 11:30etik 13:30era.

-Baratze bertikal eta poltsak birziklatzeko tailerrak egingo dira, 11:30etik 13:30era.

-Magia ikuskizuna Mister Blanco-ren eskutik, 12:00etatik aurrera.

Eta, azkenik, zine foruma ‘Salvajes, el cuento del lobo’ filmak lagunduta; 19:00etan izango da, Urkabustaizko kultura etxean.

“Gutako bakoitzari tokian-tokikoa kontsumitzea dagokigu, gure bizilagunei lagundu eta gure ongizatean inbertitzea”.