Gaur, urtarrilak 21, Arabako hainbat udalerritako alkateek elkarretaratzea egin dute Foru Aldundiaren parean paper eta kartoiaren bilketa eskasari konponbidea emateko.

Paper eta kartoiaren edukiontziak biltzea udalen eskumena da, baina 2004an hitzarmen bat sinatu zen Arabako Foru Aldundiarekin, azken horrek zerbitzuaren ardura bere gain har zezan. Eta ordutik hona hala izan da, Arabako Foru Aldundiak kontratatzen du zerbitzu hori eta berari dagokio zerbitzua modu egokian betetzen dela ziurtatzeko ardura.

Baina badira bi urte zerbitzua oso modu eskasean garatzen ari dela, eta kalte handia eragiten ari die Arabako udalerri guztiei. Egoera honen aurrean, iazko udaberrian, Aldundiak Udalei jakinarazi zien enpresak lan arazoak
zituela langileekin eta harekin harremanetan zeudela. Hilabete batzuk beranduago, 2025eko abuztuan, udalek jakin izan zuten Arabako Foru Aldundiak beste enpresa bati egin ziola kontratuaren lagapena eta prentsara eginiko adierazpen ezberdinetan amaitutzat eman zuen arazoa.

Hala ere, enpresa berria sartu zenetik 6 hilabete pasa diren honetan zerbitzuak nabarmen egin du okerrera. Gainera, kontuan izan behar da, zerbitzuarekin izandako arazoek jarraitzen duten bitartean, udalek
baliabide propioak erabiltzen dituztela edukiontziak garbitzeko eta lurrean uzten diren kartoiak jasotzeko. Bien bitartean, etengabean udalak herritarren kexak jasotzen ari dira. Eta, nahiz eta sarritan Foru Aldundiari informazioa eskatu, Arabako udalek gaur gaurkoz ez dakite zein maiztasun, egun eta zonaldetan garatu behar
den zerbitzu hau, Arabako Foru Aldundiak ez dielako inolako informaziorik helarazten.

Astean alkate batzuk Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako foru diputatuarekin bildu ziren korrika eta presaka deitutako bilera batean. Foru Aldundiak ukatu egin zuen arazoren bat dagoenik, eta kexak oso puntualak diren aparteko arazoen ondorio direla ziurtatu zuen. Gainera, ziurtatu zuen datozen hilabeteetan zerbitzua hobetu egingo dela, edukiontzi eta biltzeko kamioi berriak iritsiko direlako. Baina promesa horiek abuztuan ere egin zituzten eta 6 hilabete pasa ostean ez dira bete.

Hala, udalek ez dakite Foru Aldundiak promesa hauek betetzeko zer berme jarriko dituen. Eta, horregatik, honakoa eskatzen diote Arabako Foru Aldundiari:
1.- Bere erantzukizuna bere gain har dezala eta beharrezko neurriak har ditzala zerbitzu hori gure udalerrietan behar bezala garatu dadin.
2.- Udalekin elkarrizketa arin eta iraunkorra izan dezala, zerbitzuaren egoerari eta garapenari buruzko informazio eguneratua emateko.
3.- Zerbitzua aurrera eramateko gaitasunik izan ezean kudeaketaren deszentralizazio prozesu bat egiten laguntzea, kuadrillen esku geratu dadin zerbitzua.