Igande honetan, urriak 30, Urkabustaizko XII. Nekazal eta Abeltzain Azoka egingo da, 11:00etatik 15:00etara bitartean.

Honako hau urteko azoka garrantzitsuenetakoa da; horregatik halako eskaintza zabala: guztira, 134 abelburu egongo dira erakusgai eta ekoizle zein artisauen 48 postu jarriko dira. Han eskuratu ahal izango dira okela, gazta, euskal pastela, gozokiak, motxilak, liburuak, bitxiak…

Ganadu eta herri kirolen erakustaldiak -azken hau Oketa Zigoitia herri kirol elkartearen eskutik- Plaza Berrian egingo dira. Nabarmenduko dira pottokak, ponyak, swellak, zamakoak, casina, pirenaica, terreña, azpigarri, eta baita latxa, sasi ardi eta pelibuey, beste batzuen artean. Gainera, zaldi-kaskoez informazioa eman eta horretaz gainbegiratzeko postu bat jarriko da.

Ekoizle eta artisauen postuak Pilotalekuan jarriko dira. 48 postu jarriko dira, horietatik 15 udalerrikoak.

Umeendako jokoak eta ardiak kardatzeko tailerra Udaletxeko Plazan jarriko dira.

Horrez gain, goiz osoan zehar musika egongo da Urkabustaizko Musika Eskolaren eskutik, eta artisautza produktuak zozkatuko dira.

Jai-testuingurutik kanpo, baina, aldi berean, ekitaldiaren sustraiei lotuta, komeni da abeltzainek otsoak uda honetan egin dituen etengabeko sarraskiengatik duten ezinegona jasotzea. Seguruenik horren gaineko kezka agerian geratuko da azokaren egunean.