2021eko udazkenean egin zuen Soziolinguistika Klusterrak Hizkuntzen erabileraren VI. Kale neurketa. Urkabustaizen ere egin zen neurketa, eta, ondorio nagusi modura, euskaren kaleko erabilera egonkor mantendu dela esan dezakegu.
Kalean egiten diren elkarrizketen hizkuntza jasotzen du neurketak. Hau da: herritarrei ez zaie galdetzen zein hizkuntza erabiltzen duten; galdetu gabe, erabiltzen duten hizkuntza behatu, eta datu horiek jasotzen dira, modu anonimoan. Horrela, 2021eko urrian, hainbat lagun ibili ziren Urkabustaizko kaleetan, eta, guztira, 1.379 solaskideko lagina jaso zuten.
Ez da Urkabustaizen neurketa egiten den lehenengo aldia: 2016an ere egin zen. Beraz, bost urtetan hizkuntzen erabilerak kalean izandako garapenaren berri izan dezakegu. 2016an jasotako datuen arabera, neurtutako hiztun guztietatik %17,8k egin zuen euskaraz. 2021eko datuei erreparatuta, esan dezakegu kopuru hori errepikatu egin dela: 2016an neurtutako %17,8aren aldean, hiztunen %17,6k egin du euskaraz, neurketak iraun bitartean.
Neurketaren emaitzek utzi dizkigute bestelako ondorio interesgarri batzuk ere:
- Urkabustaizen, emakumezkoek (%20,2) gizonezkoek (%15) baino gehiago egin dute euskaraz, neurketak iraun bitartean.
- Euskaraz gehien egin duen adin-taldea 15-24 urte artekoarena da (%23,4). Ondoren, 25-44 urte artekoena (%21,8), eta umeen kasuan (2-14) %19koa da erabilera.
- Nabarmendu beharra dago, 2016ko datuekin alderatuta, umeen eta helduen euskararen erabilerak behera egin duela, eta gazteenak gora.
- Adin ezberdinetako hiztunak elkartuz gero, umeak eta helduak elkarrekin daudenean asko igotzen da erabilera: %33,9raino.
Neurketaren datu guztiak biltzen dituen txostena ondorengo loturan ikus dezakezue. Zigoitiko, Urkabustaizko eta Zuiako datuak daude jasota bertan: