Urkabustaizko eta Zuiako alkateak Arabako Batzar Nagusietan izan dira gaur goizean.

Zuiako eta Urkabustaizko Udalek Arabako Batzar Nagusietan premiazko konponbidea eskatu dute bi udalerrietan ur-hornidurarekin duten arazoarentzat. Unai Gutierrez Urkiza (Zuia) eta Xabi Alvarez de Arcaya (Urkabustaiz) alkateen ahotik egin dute, eta 2011tik irtenbidea blokeatuta dagoela salatu dute.

Zuiako alkateak zehaztu duenez, 2007an udalerriko arau subsidiarioen tramitazioa geldiarazi zen, ur-horniduraren arazoei konponbiderik ematen ez zitzaielako, bereziki udako hilabeteetan. Lau urte geroago, Zaron baltsa bat eraikitzeko proiektua zegoela iragarri zuten. Inoiz publikoa izan ez zen proiektu hark 18 milioi euroko aurrekontua zuen, baina ez zen inoiz lizitatu.

“Urteak daramatzagu konponbide baten zain, eta Arabako Foru Aldundiak egindako uraren plan markoaren garapenean ere baltsa bat planteatu zen 2021erako. Egia esan, gaur egun ez dugu proiekturik mahai gainean, eta ez dugu bermatuta gure udalerrian ur-kontsumoa, orain klima-aldaketarekin larriagotu den aspaldiko arazoa. URAk proiektu berri batean lan egiten duela iragarri berri digute, baina oraindik ez ditugu proiektuaren xehetasunak ezagutzen”, laburbildu du Unai Gutierrezek.

Gaur egun, Zuiako udalerriak 800.000 eta 1.300.000 litro ur artean kontsumitzen ditu egunero. Urkabustaizen kasuan 1.500 biztanle ditu, eta udalerriko 10 kontzejuetatik zortzi biltzen dituen ur-ermandade bat dago. Urtean 226.000 metro kubiko ur kontsumitzen ditu gutxi gorabehera, Baias ibaiaren bilketaren ondorioz. Xabi Alvarez de Arcaya Urkabustaizko alkateak gogorarazi duenez, 2004an Eusko Jaurlaritzak ezarri zuen Gorbeialdeko koadrilak 154.000 m3 ur behar zituela.

Hori gutxi balitz Gorbeiako parke naturala bereziki babestutako eremua da eta, salatu dutenez, onartezina da hori konpontzeko ezer ez egitea. Urkabustaizko alkateak laburbildu duenez, inork ez du ulertzen ur bilketa egokia egiteko, ibaian sortzen diren hartxintxarrak konpontzeko eta ibaia urtero-urtero lehortzea eragozteko eta ibilgua garbitzeko zailtasun handiak jartzea.