Eskualdeak ez du egoitza publikorik eta zentro pribatuetan eskaintzen diren 198 plazetatik 4 bakarrik ditu itunduak.

Urkabustaizko osoko bilkurak egoitza publiko bat eskatu dio Arabako Foru Aldundiari adineko pertsonei arreta eskaintzeko eskualdean bertan. Atzo egin zuen azken osoko bilkuran, mozio baten bitartez, Gorbeialdean populazioaren %18k 65 urte baino gehiago dituela eta eskualdeak ez duela egoitza publikorik gogoratuz.

Gizarte Zerbitzuen Foru Sailaren memoriaren arabera, nahiz eta eremu horretan adineko pertsonentzako plazak ugaritu egin diren, 2008ko 110 plazatik 2019ko 217 plazara edo 2020ko 198 plazara, plaza horiek ez dira publikoak.

Kuadrilla honetan adineko pertsonei ematen zaien eskaintza zentro pribatuetan da eta bertan Foru Erakundeak oso plaza gutxi itunduta ditu. Adibidez, 2020an, 198 plaza horietatik 4 bakarrik dira itunduak, Datarabaren arabera.

Arabako 9 foru egoitzetatik, bat bera ere ez dago Gorbeialdean. Urkabustaizen arabera, inguruko adineko pertsonek kalitatezko arreta publikoa behar dute, eskualdetik atera gabe. Horregatik, esan dute premiazkoa dela kudeaketa publiko eta zuzeneko egoitza bat eraikitzea.