Joan den udan zehar Izarra Herri Eskolako kiroldegiaren teilatuan 84 modulo fotoboltaiko instalatzeko lanak egin ziren. Autokontsumo kolektiborako instalazio bat da, eta guztira 45,36 kWp-ko potentzia du. Eguzki-plaka hauen helburua, Urkabustaizko Udalaren instalazioak energiaz hornitzea da: Izarra Herri Eskola, Udal frontoia, Kultur Etxea, Igerilekuak eta Ostuñoko instalazioak, Gizarte Zentroa, osasun-etxea edo haurreskola, besteak beste. Plakek sortutako energia-soberakinik egongo balitz, sare elektrikora isuriko litzateke, eta hornitzalieak fakturaren zenbatekoa orekatuko luke.

Sistemaren funtzionamendua

Instalazioak jasotzen duen eguzki- energia argindar bihurtzen da, serie-moduan jarritako eguzki-paneletatik pasata. Ondoren, inbertsorean txertatzen da energia, eta bertan korronte alterno trifasikoa sortzen da, 230/400 V-koa. Sistema osoa internetera konektatuta dago, eta energia sortzeko parametroak ikusteko eta instalazioaren funtzionamenduaren aldibereko monitorizazioa egiteko aukera ematen du.

Energia-sorkuntza

Plaka-multzoaren gutxi gorabeherako produkzioa urteko 53.737 kWh-koa da, instalazioak izan ditzakeen galerak kontuan hartuta (tenperaturagatik, irradiazio-maila baxuagatik, angelu-islapenagatik, kableengatik, inbertsoarearengatik…).

 

Urkabustaizko Udalaren eraikin guztien kontsumoa, gutxi gorabehera, urteko 240.000 kWh-koa da: Izarra Herri Eskola 83.000 kWh urtean, Udal Frontoia 35.000 kWh urtean, Kultur Etxea 17.000 kWh urtean, Erretiratuen Gizarte Etxea 1.500 kWh urtean, Osasun Etxea 25.000 kWh urtean, Haurreskola 7.000 kWh urtean.

 Aurretiazko azterketa

Teilatuan plakak jarri aurretik, Izarra Herri Eskolako Kiroldegiaren eraikinaren egituraren azterketa bat egin zen, kargen ikuspegitik, egitura-segurtasunaren baldintza guztiak betetzen zirela egiaztatzeko. Azterketaren ondorioak honakoak izan ziren: instalazio fotoboltaikoan haizeak eta elurrak izan dezaketen eragina eskasa dela, izan ere, teilatuaren orientazioa eta norantza errespetatuz ezarri dira plakak (teilatuaren paraleloaren arabera). Beraz, ez dute eraikinaren inguratzailea aldatzen, eta berezko ezaugarriak mantentzen dira. Ondorioz, instalazio fotoboltaikoa guztiz segurua da.

Plaka horiek Leader eremuko landa-udalerrien ekonomia sustatu, garatu eta dibertsifikatzeko laguntzei esker jarri dira. Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzaren 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programaren esparruan onartu ziren.