Urkabustaizko Udalak, frontoiko aparkalekua hobetzeko helburuarekin, dirulaguntza eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Helburua honakoa da: uraren eta argindarraren kanalizazioa hobetzea, plaza kopurua handitzea, eta hondakinak biltzeko edukiontziak pareko aparkalekura eramatea. Horrela, eremu itxi bat lortzea da asmoa, Izarrara datorren edozeinek duen lehenengo ikuspegia hori izan ez dadin, berezkoa baitu zikinkeriarako joera.

Eusko Jaurlaritzari eskatutako dirulaguntza Leader programaren barrukoa da. Dirulaguntza horrek herrien azpiegituretarako, oinarrizko zerbitzuetarako eta berrikuntzetarako inbertsioak ditu helburu, landa-eremuko azpiegiturak sortu, hobetu eta zabaltzeko.

Eskolarako oinezkoen pasabidea
Ostuñoko lanak egiteko erabili beharreko makinak aprobetxatuta, Izarrako Administrazio Batzarrarekin elkarlanean, frontoiko aparkaleku parean dagoen oinezkoen pasabidea Eskolako Haur Hezkuntzarako sarbidearen parera lekualdatuko da. Horrela, pasabidea eta autoen joan-etorria lasaitzeko eremua eskolarako ibilbide naturalen barruan kokatuko da.

Obra hori orain dela asko planifikatutakoa da, baina ezin izan da orain arte egin, 2020ko Obra Txikien dirulaguntzarik jaso ez delako. Horrez gain, hain eremu murritzean lanak egiteko makinak ekarri beharrak kostu handia zekarren. Beraz, Ostuñoko asfaltatze-lanekin batera egingo dira pasabide berriak egiteko lanak.