Gorbeialdeko Kuadrillak jardunaldi batzuk antolatu ditu, produkzio-iturri berriztagarrietan oinarritutako komunitate energetikoak martxan jartzeko prozesuari eta pausoei buruz informazioa emateko. Jardunaldiak bai Kuadrillako herritarrei, bai berau osatzen duten kontzejuetako partaideei zuzenduta daude.

Lehenengo jardunaldia Izarran egingo da, datorren ostegunean (irailak 30), eta, bertan, Tokiko Komunitate Energetikoak martxan jartzeko prozesuari buruzko informazio zehatza eta esperientzia errealak jaso ahal izango dira.

Urriaren 5ean beste jardunaldi bat egingo da Aramaion, eta 14an izango da hirugarrena, legution. Jardunaldietan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharra dago; kartelean dauden QR kodeen bidez egin dezakezu.

Proiekutaren helburua da Tokiko Komunitate Energetikoei bultzada ematea. Komunitate horiek tresna egokia dira aldaketa klimatikoaren erronkei aurre egiteko; izan ere, Gorbeialdeko eskualdeko entitateetan iturri berriztagarridun produkzio-ereduak garatzeko aukera ematen dute.

Zer dira komunitate energetikoak?

Tokiko komunitate energetikoak entitate juridikoak dira, eta bazkide-talde batek osatzen ditu (pertsona fisikoak, elkarteak, enpresa txiki eta ertainak, administrazio publikoak… izan daitezke). Modu boluntarioan, eta parte-hartze kooperatiboa ardatz izanik, helburu batzuk jartzen dituzte, komunitateko kideek edo hirugarrenek energiaren, gizartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren esparruetan onurak jasotzeko.