Izarrako Frontoiaren instalazioak berritzeko prozesua jarri du martxan. Prozesu luzea eta zaila izatea aurreikusten da; izan ere, eraikinak, bere antzinatasunagatik, hainbat hutsune arkitektoniko ditu, eta instalazioen egoerakk, irisgarritasunak, espazioen erabilgarritasunak, klimatizazioak, energia-eraginkortasunak etab. berrikuntza edo eraberritze-lan baten beharra dute.

Iritziak jasotzea
Udalak egin duen lehenengo urratsa udalerriko gizarte-taldeen, udalbatzaren eta herritarren iritzia jasotzea izango da. Horretarako, parte-hartze prozesu bat martxan jartzea erabaki du. Urkabustaizko herritar guztiak parte hartzera gonbidatuta daude.

Hainbat fase
Ekimen honen helburua da ahots eta desio guztiei lekua ematea, frontoi berriaren diseinua erabiltzaile guztien, eraikinean gaur egun martxan dauden zerbitzu guztien eta Urkabustaizko herritar guztien beharretara egokitu dadin.

Prozesua Hiritik At kooperatibak bideratuko du, eta hainbat fase izango ditu: diagnostikoa, proposamena eta itzulketa. Fase horietarako, hainbat bileraren deialdiak egingo dira, parte hartu nahi duten guztien iritziak ezagutu eta eztabaidatzeko.

Abendura arte
Bilerak irailean hasi eta urtearen amaieran bukatzea dago aurreikusita. Parte-hartze saioen egunak eta orduak Urkabustaizko Udalaren webgunean eta sare sozialetan iragarriko dira. Anima zaitez, eta parte hartu. Zure iritzia ezagutu nahi dugu. Izarra, frontoira!